miércoles, 29 de mayo de 2013

NORA GOAZ?

Noaua! Usurbilgo herri aldizkariko 533. alean argitaratutako iritzi artikulua Herorrek esan atalean. Independentzia, nazioa, burujabetza, subiranotasuna hizpide, probokaziotik idatzita, behar baitugu halakorik, probokazio apur bat gure barnean ere, bestela nora goaz?
 
Bota errua Giuseppe Trebbiri edo bestela Giuseppe Battelliri edo Gian Enrico Rusconiri. Bota errua Garibaldiri, Cavourri edo Bismarcki. Ez da mea culparik independentziari edo nazioari buruz idazten badut gaurkoan. Erru guztia besteek dute. Bota errua Kataluniari, Eskoziari edo Kortsikari. Ez da erruduna ez naizelako, baina badakizue, kulpa beti beste batena da.
Enbaxadore bat bezala sentitzen naiz munduaren amaiera honetan, trenbideek trenei stop dieten eremu honetan. Egon denak hemen badaki zergatik diodan. Herrian gertatzen den guztiaren berri dut (beno gehienarena), baina bertan ez egonik kanpoko ikusle batek bezala ikusten dut dena. Postu pribilegiatua San Giusto gazteluak eskaintzen duena.
Baina mintzo gaitezen benetan axola duenaz: Zergatik gara hain burugogorrak? Zergatik gara hain artaburuak? Hain anormalak? Hain, hain, hain … Galdera erdi erretoriko hauen intentzioa iraintzea da, ez dago inolako sarkasmo edo ironiarik … beno agian apur bat, goilarakada bat, ez gehiago. Inongo izenik aipatu gabe, politika instituzionalean sinesten dugu oraindik, gainontzeko herrialdeetako gobernuek aurrerapausoak daramatzaten bitartean gurean haur jolasetan gabiltza: berak ez dit pilotarekin jolasten uzten, ba nik ere ez diot utziko nirearekin jolasten eta pilota galtzen badu, izorrai! Honetarako daude Legebiltzarrean? Pilotarekin jolasteko? Martxa honetan nituen ilusio guztiak galduko ditut.
Eta oraindik ligthegia iruditzen zait idatzi hau. Zarata behar du, buila, garrasiak. Haserre gehiago, eromen gehiago!
Independentzia nahi dugula, askatasuna nahi dugula … Eta zer egiten ari gara? Sozialismoa! Sozialismoa! diote batzuek … Eta ideia putarik ez zer den! Das kapital irakurri eta ulertu balute bezala mintzo dira intelektual paperan. Eta historiarekin justifikatzeko gure existentzia gai dira erromatarren aurkako batailak Euskal Herriaren askatasun eta subiranotasunaren ikur bezala hartzeko. Azken finean bla bla bla Independentzia eta Sozialismoa! Gora Euskal Herria askatuta! Akaso horregatik telebistako debateetan ez dute historialaririk eramaten inoren justifikazio historiko-politikoa ez dezaten hankaz gora jarri.
Falazien eta gezurren inperialismo kognitiboa. Eta gainera gure ignorantziatik gai gara egia gezurra dela esateko gure ikuspuntutik oker baitago egia hori. Eta gainera nazia edo faxista deituko diogu egiari gure argudio indartsuena bailitzan.
Gobernuaren inmobilismoa independentziaren alorrean eta Herriaren ignorantzia erradikala. Errobiren kantu baten izenburua galdera: Nora goaz?
Eta inkontzienteki Hegel dugu maitale. Batetik Estatua eta bestetik Gizartea. Estatuak dituen helburuen atzetik jarraitzen du, nahiz eta Gizartearen kalterako izan. Eta egun ekonomiak agintzen duenez, lehentasuna Estatuaren osasuna (ekonomikoa) da eta ondorioztatzen dute honen suspertzearekin Gizartearen osasuna hobetuko dela, inoiz alderantzizkoan pentsatu gabe.
Gobernuaren postureoa ez denez aldatuko (oraingoz) gure soluzio bakarra Herria mugitzea da albo batera utzita alderdi jokoak, ignorantzia etab. eta kausa batengatik, hau da, independentziagatik eta alde mugitzea eta borrokatzea. Zarata atera behar dugu kalean munduak entzun diezagun. Justifikazio historikoak aparte utz ditzagun, kontzentra gaitezen justifikazio garaikideetan. Independentzia ez da Sabino Aranatik datorkigun kapritxo bat, gurea denaren defentsa baizik. Ultimatum batek egon behar du: gurea dena babesteko prest zaudete (utzi pentsatzen … EZ!) edo bagoaz hemendik! Konturatu behar baikara kultura dela euskaldun egiten gaituena eta gure kultura gainbeheran doala kanpoko eta BARNEKO hainbat motibo tarteko. Kulturarik ez badugu agur independiente izateko aukera orori.
Beraz: kontzentzia gaitezen, utzi txorakeriak albo batera eta Marxi ideia lapurtuz: Munduko euskaldunak batu gaitezen!



No hay comentarios:

Publicar un comentario