martes, 23 de abril de 2013

NOUVEAU MISÉRABLE

Barrikadetan erori ziren eta eroritakoekin barrikada gehiago egiten zituzten. Paris aldatzen, aldaketan Marseillesa entzuten zelarik gillotinak buru bat mozten zuren bakoitzean. Bastilla hartu zuten eta Napoleonek Zesar izan nahi zuen, edo beharbada Augusto, princeps, Europaren jaun eta jabe. Elbako uhartea txikiegia zen Leipzig ondoren, horregatik Waterloo bat behar zuen Santa Elena izan zedin bere hilerri.
Vienak bazekien. Bazekien zer zen mozkor ondorengo ajea. Parisek hobekiago eta Konstantinoplak ez zuen imajinatu ere egingo Miloko Venusak gerra deklaratuko zionik Lord Byronek hitzak ipintzen zizkion bitartean independentziari. Eta Espainiak mila gaueko gerra hasi zuen Riegorekin Borboien aurka.
Eta bitartean Liverpoolgo portuan kea eta izerdia eta burdin hotsa. Londresetik munduaren norabidea kontrolatzen dute Ameriketatik Asiara Txinako Harresi Handiaren aurka. Opioaren gerrak eta Meiji Pazifiko ertzeko uharte batzuetan, Japonia harresiak botaz eta samuraien kontrako ehizan. Estatu Batuetan lurren ehiza eta indio lumagorrien lurrak desertu.
Lehengo miserableek miserable berriak sortu dituzte eta lantegitik etxerakoan absentaz mozkortzen dira ez daitezen gogoratu ere egin eguna berriz argituko dela.
Eta bizitzaren haria tentsio tentsiogarrian dutenek kopla zatar batzuk idazten dituzte erromantikoari burla eginez metafisika eta tabako kiratsdun galdera existentzialekin. Ni horietako bat naiz Rimbaudekin botila beretik edaten dudana.

No hay comentarios:

Publicar un comentario