sábado, 20 de abril de 2013

GAZTERIA DENBORAREN KRONOLOGIAN KOKATZEAREN ETA BESTELAKOEN INGURUKO ZALANTZAK

2013ko apirilak 20, Usurbilen larunbatez Usurbilgo Ernairen aurkezpen ekitaldirako egindako testua Leire Iturriotzek bakarrizketa moduan irakurtzeko. Ez dakit hala egingo duten, baina nik fondoko musika moduan Cat Stevens-en "Morning has broken" jartzen dut irakurtzen dudan bakoitzean.
 
Barkatu nire egoismoa, baina galdera bat dut buruan bueltaka eta bueltaka eta erantzun nahian ibilita ere ez dut lortzen erantzutea. Horregatik gaur zuen artean egonda errazagoa izan daiteke buruhauste horrekin amaitzea. Ondo entzun, behin bakarrik esango dut eta. Hemen ona izango litzateke buruhezur bat eskuetan izatea, dramatismo barroko pixka bat, baina hori gabe ere moldatuko gara. Zergatik esaten digute gu gazteok etorkizuna garela? Zuek badakizue? Beno hau bakarrizketa bat da eta nire kontutik erantzun beharko diot galderari. Zergatik etorkizuna? Denbora imajinario hori, inork ezagutzen ez duena, existitzen ez dena? Zergatik gaur biharkoak izan behar dugu eta bihar etzikoak?
Gero diote etorkizuna orainak eraikitzen duela, beraz gazteok non hostia gaude? Krokis bat egidazue gauzak uler ditzadan. Etorkizuna gara eta orainak egiten du etorkizuna. Beraz etorkizun horretan bizi behar dugu gaurko helduek gaur egingo diguten etorkizunaren arabera? Broma bat da, ezta? Non daude kamerak? Konparazion bat eginez, gutxi gorabehera Sobietar Batasunaren antza hartzen diot Kremlinak zioelarik nola jokatuko zuten bloke sobietarreko estatu partaide guztiek.
Nik umetan gazte izan nahi nuen eta gazte izanik herria hobetu genezakeen guri gustatuko litzaigukeen arabera. Eta gazte izanik ikusten duzuna da, edo burugogor, egoskor, errebelde zara edo ea noiz naizen heldu gauzak aldatzen hasteko. Hor arazo bat sortzen da, heldu izanik gaztetako begirada idealista ez dela horren idealista. Batzuetan bai ... kasuak eta kasuak daude ... helduak eta helduak ... eta gazteak eta gazteak noski. Piratak eta piratak dauden bezala. Batzuk kortsario bihurtzen dira. Baina hori beste gai bat da, beste galdera baten erantzuna eta nik lehenagoko galderari erantzun nahi diot.
Uste dut politikan eta boterearen goi mailetan daudenek gazteak kaleetara edo hobekiago esanda lokaletara (tabernak barne) murriztea nahi dutela. Demagogo buruhuts batzuk izan gaitezen, esaten diguten lehen gauza sinets dezagun zalantzarik erakutsi gabe. Eta kaleetara protestan ateratzen garen bakoitzean bandalo (kontenporaneo) batzuk garela esaten digute. Pintada batzuk egiteagatik, boterearen aurkako blasfemiak oihukatzeagatik, poliziari botilak botatzeagatik etab. eta etab. luze bat adibide gisa. Hain gara gaiztoak? Hemen dauden helduek erantzun dezakete? Akaso horrela da eta ispiluan gure burua ezberdin ikusten dugu. [...] Ironia da, ez dut uste Napoleonen sindromea dugunik. Edo agian bai? Soziologo-medikuei galdetu beharko diegu.
Gazteok existitzen gara, etorkizuna ez, ergo gazteok oraina gara eta ez gaude konforme dagoenarekin. ez dugu izan nahi beste belaunaldi bat munduak berarekin daraman zama eramaten jarraituko duena. Boterearen pulpitoetatik (metafora bat da) "Ezin diegu gure seme-alabei halako mundua utzi. Mundu hau konpondu behar diegu" diotenean, EZ! Utzi guri gure mundua eraikitzen! Ez dugu berdinarekin jarraitu nahi, amildegitik gure burua bota nahi. Honekin jarraitu nahi duenak bidea libre du, nik ez diot lagunduko.
Mundua estatu ezberdinek osatzen dute, gizartea bere partaide guztiek. Eta guk gure ahotsa nahi dugu, gure ahots propioa, gazteona gazteon ahotik irteten dena. Beharbada ekibokaturik gaude, beharbada oraindik ez gara hain heldu mundua ulertzeko, beharbada oraindik ez gara gai munduak dituen hamaika korapiloak askatzeko. Berdin zaigu! Ikasiko dugu, gure onerako baldin bada prest gaude. Edan dugu edabetik eta ateei danbaka eta danbaka ibiltzen hasiak gara.
Kulpak eta erruak (baldin badaude edozertan) botatzen hasi aurretik jarri dezagun gure albokoak zer digun esateko. Entzun dezagun zer dugun esaten. Zein diren zure eta nire ametsak, nire eta gure ilusioak, gure eta zure asmoak. "Munduaren koloreak egunetik egun doaz aldaketan" eta guk gure koloreekin marraztu nahi dugu mundua, irri-kolorez, errebeindikazioz, abestiz ... Kaleak, herriak inbaditu eta konkistatu eta zuzenean ikusi nola argitzen den egun berria.



 
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario