sábado, 6 de abril de 2013

ANTIDEMOKRAZIA NAHI DUGU!

Aurreko iritzi artikulan esan dut beste batean idatziko nuela Demokraziaren inguruan. Bai, Demokrazia D larriarekin. Bere handitasunaren ikur gisa.
Batzuetan pentsatzen jarri naiz honen inguruan, eta batzuetan horien askotan nire burua antidemokratiko izendatu dut. Antidemokratikoa, bai horixe. Eta seguru pentsatuko duzula antidemokratikoa banaiz stalinista, faxista, nazia edo antzeko zerbait naizela ezta? Logikoa guztiz. Edota frankista ere, baina euskaldun abertzale izanda frankista izatea ez da oso ondo geratzen, beraz ken dezakegu listatik.
Mitoak dioen moduan demokrazia Grezia zaharrean jaio zen, Atenaseko polisean. Perikles eta konpainia demokrazia haren irudi nagusienak. Eta demokraziak zer esan nahi du? Herriak agintzen duen gobernu forma. Herriak baino hiritarrek. Hiritarrek soilik zuten bizitza politikoan parte hartzeko aukera, ez-hiritar bezala izendatzen zirenak ezin zuten polisaren norabidean inolako hitzik esan. Eta garbi dagoen moduan hiritarren taldea adin nagusitasuna zuten gizonezkoek osatzen zuten, emakumeak ez-hiritar ziren.
Baina Peloponesoko gerraren ostean Atenasek eta Delosko Ligak gerra galdu zuten Sparta eta Peloponesoko Ligaren aurrean eta demokraziaren kontua denboraldi batez amaitu zen. Erroma izango zen berriz hau martxan jarriko zuena Made in Rome etiketarekin. Botaren edo italian bertan dioten moduan scarpa formaren esentzia horrekin. Baina kontutan hartu hau Erromako hirian bakarrik hartu behar dugula kontuan, Senatuaren bidez. Gero Senatu hau Aita Santuaren kontrolpera pasa zen krisi garaian hiriaren agintea norbaitek eduki behar baizuen eta duela gutxiko Kontzilioa eta Aita Santuaren ohiturak Errepublika eta Inperio garai hauetako aginte formetan dute jatorria.
XIX. mendean hasi ziren historia garaikideko mugimendu demokratikoak. Beno XVIII. mendea esatea egokiagoa da Ameriketako Estatu Batuen independetzia eta honen antolaketa demokraziaren lehen bertsio garaikidea izan baitzen. Europan Frantziako Iraultzak eta ondorengo Napoleonen konkistek zabaldu zituzten ideia libelal berriak. Horrela mende bat beranduago Frantzia eta Britainia Handia izan ziren I. Mundu Gerran eta are gehiago II. Mundu Gerran Demokraziaren alde borrokatu zutenak (Europan diot). Eta gerra irabazi ostean ezin propaganda hobea egin Demokraziari, Europako mamu berria garaitu duena (Adolf Hitler-en Reich-a alegia) eta Yalta ostean (1947) mamu zaharrari aurre egiteko egitura politikoa. Mamu zaharra diot Karl Marx eta Friedrich Engels-ek idatzi zuten "Alderdi Komunistaren Manifestua" liburuan hala definitzen baitute sozialismoa.
Ereserki frantsesak hala dio: Libertè, Egalitè, Fraternitè. Demokraziaren ereserkian kasik sar daitezkeenak. Kontua da iraultza sozial honi beste osagai bat sartu behar diogula: Britainia Handitik eta bereziki Ingalaterratik zetorren industrializazioa. Eta industrializazio zabaltzeak kontinentean barrena ez da ezer txarra, baina industrializazio hau kapitalismoa bezala ezagutzen den pentsamendu ekonomikoarekin azaldu zen. Honek baldintzatu egiten ditu Libertè, Egalitè eta Fraternitè hori. Eta gehi dezakegu kapitalismo horrek ez zukeela nahi eta nahi ez zuen izaera izan, izan zitekeen humanoagoa, baina ez zen hala izan eta gaur egun arte bere bortiztasunaren erradikalizazio batera eraman du. Sobietar Batasunarekin leihan ibili izanak garrantzi handia izan dezake erradikalizazio horretan, leihak beti egiten baikaitu basatiago.
Antzinako erregimenaren aurka altxa zirenek beste mundu bati ireki zizkioten ateak, baina iraultza batean ideia indartsuenak zabaltzen dira. Bestela galdetu Marat-i, bestela galdetu Trosky-ri. Eta horrela miserable berriak sortzen dira eta aberats berriak aurrekoen iluntasuna beren disdirarekin ez dadin ikusi. Eta 1848ko iraultzen ostean eta are gehiago 1871an Europako azken gerra amaitzen delarik denboraldi luze bat arte, garai berri bat sortzen da Frantzian Belle Époque deritzona. Ideia liberalek estatu osoa kontrolatzen dute (beren bariante kontserbadore edo aurrerakoiarekin, baina liberalak). Klase gizartea bera ere Europan zabaltzen da eta ideal eta ohitura berriak sortzen dira. Hemen hasten da demokrazia zabaltzen, sufragio unibertsala eskatzen hasten dira eta horrela urtetik urtera, hamarkadaz hamarkada jende gehiago igotzen da nazioaren gidaritzara.
Esan bezala tartean bi mundu gerra gertatzen dira eta 1945. urtera iristen gara. Europa mendebaldean demokraziak zabaltzen dira, ekialdean komunismoak. Eta hemen doa galdera: posible litzateke, adibidez, Frantzia batean frantses hiritar guztiak asanblea batean biltzea? Ezinezkoa da, beraz ipin ditzagun gure izan daitezkeen errepresentante batzuk gure errebeindikazioak asanblea horretan babes ditzaten. Eta horrela hauteskundeetan gure errepresentanteak aukeratzen ditugu, hauteskundeetarako deialdia dagoenean aukeratuko ditugu gure ideologiaren arabera eta horrela gure alde egingo dute beti. Alegia demokrazia errepresentatibo bat daukagu. Hau XIX. mendean ere gertatzen da, baina esanguratsuagoa da II. Mundu Gerra osteko demokrazia errepresentatibo hau momentuan bizi den jende kopuruagatik.
Honela politika herritik urrundu egin da, nahiz eta hiritarren kopuru osoak aukera izan beren herrialdearen politika erabakitzeko. Bai, eta gainera politika ez ezik politikariak ere urrundu dira benetako errealitatetik. Noiz gogoratzen dira gurekin? Hauteskunde garaian, interesatzen zaielako. Eta diskurtso ponpoxoak eta bozkak lortze aldera egin beharreko guztia egingo dute eta Quevedo baino Gongoraren estiloa egin dute bere, diotenak baino nola dioten da garrantzitsu. Jada hauteskunde programak berdin du, parlamentuan giltzapetzen direnean nahi dutena egingo dute. Ez zaie interesatzen herriaren (Konstituzioen arabera boterea ematen dien giza entitatearen) ongizatea, baizik Estatuaren ongizatea. Estatuaren iraupenak du garrantzia, herriarenak ez. Azken finean kanpoan saltzen dutena Estatua baita, ez Herria.
Eta Estatuaren itxura kaltetzen duen edozer antidemokratikotzat jotzen dute. Adibide moduan Público egunkarian agertu den berri hau. Demokratikoa bada Estatuaren izatea iraunarazi nahi duena, Demokraziaren barkutik itsasora botako naiz. Horregatik diot antidemokratikotzat jotzen dudala nire burua, nik ez dudalako nahi horrelakorik. Estatu baten funtsa Herrian baldin badago, funtsa osasunez ongi izatea izango litzateke gakoa. Bada metafora historiko bat XVIII. mendeko despotismo ilustratua ulertzeko eta zera dio: garai haietan fatxada pintatzen zuten kanpotik onngi ikus zedin etxea, nahiz eta barrutik pitzatuta eta erortzen egon. Eta egungo krisi ekonomikoak hori egin duela dirudi: aurpegia margotu ez ikusteko ditugun ubelduak. Akaso garai honi gure ondorengoen ondorengoek demokrazia despota gisa identifikatuko dute.
"Hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan. Ikusiko dek nola, nola laster eroriko dan." Gorka Knörr-en ahotsean. Laster horren denbora jakin nahiko genuke, ordea.
Eta diotenek Demokrazia Egiazkoa behar dela, hobe da antidemokratak garela esatea, horrela demokratak direla diotenek ez dute inongo zalantzarik egingo non gaudenaren inguruan. Beraientzat hau baita Demokrazia ...

No hay comentarios:

Publicar un comentario