lunes, 11 de marzo de 2013

NIK USTE NUEN EZBERDINA IZANGO ZELA

Nik uste nuen ezberdina izango zela, ez zuela inongo antzarik izango aurrekoarekin. Beno, ñabarduraren bat agian, baina ...
Gazteok gure burua autokritikatzea edo gazte batek beste bat kritikatzea edo antzeko gauzak ez dira oso ondo ikusten geure artean. Normala. Gazte eta errebelde! Gure izatea errebeldian funtsatzen da eta ondorioz errebeldetasunak bihurtzen eta egiten gaitu gazte. Zeinen sinplistak. Sinplismoa eta inozokeria, ordea, ez dira sinonimo. Batek badu bere konplexutasuna ere, besteak sinple hitzaren esentzia ere ez du usaindu ere egiten. Eta gure errebeldia zertan funtsatzen da?
Beharbada zerbait ezberdina idatziko nuen nire kokapena dela eta. Munduaren amaiera honetatik gauzak beste era batera ikusten dira, internazionalki beharbada. Eta internazionalismo horretan nazio mailan pentsatzen. Viena itsasoari begira dagoen txoko honetan garrantzi handiagoa dute Bersani eta Grillo eta Berlusconi bezalakoek. Edota Aita Santu berriaren aukeraketak, egunero hiriburutik datozen berriak. Ma che cazzo! (gestu italiar eta guzti)
Hona etorri aurretik orain dela egun batzuetatik Ernai deitzen den gazte erakunde berriaren sorkuntza lanetan ibili nintzen. Errealistak izanda esan dezagun espermatozoide batzuk ginela garai hartan obulu baten bila ernatze bidean. Hori udan zen, eta martxoa arte hilabete batzuk pasa dira. Txostenak irakurri, kontzeptuak aztertu, eztabaidatu honen eta bestearen inguruan ... hondartzara joan beharrean egiten zuen eguraldiarekin bulegoan geratzen ginen, itzalpean, freskuran gure idealismo guztiak martxan jarriz.
Atzo bukatu nuen liburu bat. Michel Onfray filosofo frantsesak idatzia: Politiche della felicità (Zoriontasunaren politikak). Idealismo motak guztiak arbuilatu eta edonismorako joera batekin aztertzen zituen XIX. mendeko pentsalari nabarmenenak beti ere politikaren alorrean. John Stuart Mill eta Mikail Bakunin irakurri ditut bakarrik, besteen beharrik ez bainuen. Sozialismoa irakurtzeko bi forma hain zuzen. Hirugarren ikuspegi bat ere irakurri dut, Karl Marxena, norena bestela (pentsatuko duzu). Hiru izen hauetatik hirugarrena jainkoaren postuan ipiniko lukete gehienek. Bigarrena anarkista zikin bat bezala, koherentziazko ezer egiten ez dakiena. Lehenaren berri, agian, oso gutxik, nahiz eta pentsalari garrantzitsua izan zen edonismoaren eta feminismoaren ikuspegitik.
Eta hau zertara dator? galdetuko duzu seguruenik. Ernai gazte talde honen hasiera hartan, oraindik Ernai deituko zela ez genekien hartan, beste forma batera ikusten nuen mundu berri hau. Ideia zoragarriak iristen ziren esku artera, goazen hau egitera eta gero beste hau eta azkenik hura. Utopikoa zirudien denak, oso urruti jarrita zeuden helburuak, baina zer hostia! Euskaldunak bagara nola ez ditugu lortuko bada!
Nik beti eman diot garrantzia handia kulturari, beharbada mundu horretan murgilduta nabilelako poesia, idatziak, dantza, pintura, literatura, bertsolaritza ... bezalako mundu eta itsaso zabaletan. Eta kulturarekin batera hezkuntzaren garrantzia. Gaur egungo atentatu, holokausto, gerra kultural eta akademiko guztiak ikusita (Wert-en erreformak kasu, baina modu pasiboan ere beste mila kasu topa daitezke) mundu horren mugimendu bat egon behar litzateke. XIX eta XX. mendeetan, ikasia dudanez, hainbat eskola ezkertiar eratu ziren langileei eta eskolara joan ez zirenei kulturaren eta hezkuntzaren oinarriak erakusteko. Adibide bezala Georges Politzer (Nagyvárad, gaur egun Oridea, Austro-Hungariar Inperioa, 1903 - Mont Velérien, Frantzia, 1942) langile eta hauen semeei filosofia erakusten zielarik Parisen. Baina atzo enteratu nintzen Ernai-ren lehen ekintza Beasaingo Batzokian pintadak egitea izan zela.
Ekintza honen harira bi gauza: bat, ez al zen esan erankunde berri honetan ezkutaketan ez ginela jolastuko? Bi, sormena balore garrantzitsu bezala aipatzen zen, ondorioz, non hostia dago gure super sormena? Sakon ditzagun bi kontu hauek azaletik bada ere.
Ezkutaketan jolasten. Beldur diogu aurpegia ikus diezagutenari? Eztabaida da bidea diote parlamentuetatik eta burokraziaren tronuetatik. Jolas dezagun beraien arauekin, egin dezagun eztabaida horman pintatutakoari buruz. Beharbada produktiboagoa izango da eztabaida horretan sor daitekeena eta horrek emango diguna.
Sormena. Non hostia dago sormena? Hormak pintatzea modaz pasata dago, buruari eman diezaiogun kritikarako beste forma batzuk asmatuz. Gai gara utopiarik utopikoena diseinatzeko bere detaile edo ñabarduna txikienarekin eta kritikarako moldeak eta formak aldatzen ez dakigu.
Kritikarako une beti dago eta baita autokritikarako ere. Beharbada idealista samarra naiz eta egoista aldi berean nire pentsamenduarekin bat egiten ez duten ekintzak (ideiekin ez bezala) arbuilatzen ditudanean. Baina aldaketa garaia deitzen dugun honetan aldaketak egitean errotzen dela uste dut aldaketen garaia. Ekintzek definitzen gaituztela sinestuta nago, akaso ez da hala izanen, baina jokuko arauak ipinita daude. Aldatu behar direla? Noski baietz, baina badaude aldaketak egiteko beste formak ere.
Nik uste nuen ezberdina izango zela ... Oraindik uste dut ezberdina izango dela. Lapsus txiki bat. Oinez ikasten ari den haurra erortzen den modu berean. Eta kantuak erortzen ikasten baita oinez esaten duen modu berean, ez gaitezen enpeinatu behin eta berriz erortzen eta has gaitezen bidea egiten.