viernes, 30 de noviembre de 2012

ESTATU KOLPEAK

Estatu kolpe bat prestatzeaz arduratu ziren ilunpean.
Ez zuten inolako beldurrik, existitzen zenarekin amaitu nahi zuten.
Erregea nola hil, erregea nola akabatu, erregea nola erahil,
erregearekin nola amaitu ...
Ordenarekin amaitu nahi zuten. Sistema suntsitu.
Baina suntsitzen den sistema orok
beste sistema bat dakar bere bizkarrean,
beste orden bat,
beste errege bat,
beste interes bat,
beste lege bat,
beste erregimen bat.
Eta beraien idealek beste ideal batzuk berpizteko balio zutela konturatzerako
beste estatu kolpe bat jazo zen.

Eta sorgin-gurpil batean murgildu zen mundua: estatu kolpeek estatu kolpeak suntsitzen zituzten.
Zegoena suntsitzea zen bide bakarra eta eraikitzeaz ahaztu ziren.
Konturatzerako dena suntsituta zegoen eta eraikitzeko botererik ez zen.

Ametsak ere ezin ziren gauzatu ametsgaizto bihurtu baitziren amets guztiak.

miércoles, 28 de noviembre de 2012

IDAZLEAK EUSKARAREN INGURUAN BERBETAN

Itxaso Martin, Hedoi Etxarte, Irati Jimenez, Jon Arretxe, Yurre Ugarte eta Fernando Morillo euskara eta euskal literaturaren inguruan Ika Mizkan.

http://www.gaztezulo.com/ikamizka.php?v=5

domingo, 25 de noviembre de 2012

UDABERRIKO HEGAZTIAK

Udaberriro lez hegaztiak nire etxe aurreko putzuan elkartu dira.
Neguan hegoaldeko lurretan egon ostean
iparralderako bidaia luzearen pausaldi bat.
Gaur udaberri da,
baina hegaztiak ez dira putzuan azaldu.
Edo ni ez naiz putzura gerturatu.

ROBINSON CRUSOEREKIN TOPATU NINTZENEKOA


Hondartzan paseoan nenbilenean
Robinson Crusoe topatu dut.
Konturatzerako munduak abandonatu nau.

sábado, 24 de noviembre de 2012

BESARKA NAZAZU

Ilunabarra erortzearekin batera besarka nazazu
edota sar nazazu botila baten barruan
ez nadin izan ura bezain iheskorra.
Hitzak haizeak eraman ohi ditu
eta ni, sarritan, haiza berberak eramaten nau
urrutiko lurralde ezezagunetara. Bertan lokartzera.
Eta zuk uste duzunerako urrunegi nago,
urrunegi berriz besarka nazazun.
Orduan konturatzen zara ez nagoela jada
zure alboan. Beste errealitate batzuen barnean nagoela.
Eta gogoratzen zara nirekin.
Nire izena hiriko edozein hormetan idazten duzu,
edozein plastikoren gainean,
blogean,
eta kasu batzuetan,
poliziarengana jotzen duzu nire desagerpena salatzera.
Baina itzultzerako txartela galdu dut
eta jada ez nago zure alboan,
nahiz eta zuk hau dena ametsgaizto bat dela pentsatu.

sábado, 17 de noviembre de 2012

PALESTINAKO OLIBONDOAK

Tankeek kaleak hartu dituzte.
Hegazkinek hodeiak eta beldurrak bihotzak.
Inbasioa eta erresistentzia elkarren aurka, bakoitzak bereari tinko.
Baina sokak ahuldu egiten dira denboraren poderioz
eta apurka.apurka
soka ahulago bihurtzen da.
Lurrean negarrez, lurra bera negarrez
eta zuhaitzek hostoak galtzen dituzte arima apurtu bakoitzeko.
Bilutsik geratzen dira azkenerako.
Biluztasunean, intimitaterik handienean.
Eta justiziaren izenean, justu izatearen ahaleginean
zuhaitzak erreko dituzte.
Olibondoak.
Udaberrian ez dira berriz loratuko.

Biluztu zituzten.
Zukua beren gorputzetik behera erre zituzten.
Palestinako olibondoak.
Beraien lurrean tinko, sustraiak moztu dizkietenak.

Txoriak non pausatuko dira gaurtik aurrera?