Gogoratu zerua kolorez apaintzeaz,
gauero deabruari adarrak ipintzeaz.
Amoranteen poemak sutan kiskaltzeaz,
infernuko ateak zabalik ahanzteaz.
Gogoratu tabernak isilik agurtzeaz,
orbel sikatuetan oinutsik dantzatzeaz.
Errepide alboko loreak ureztatzeaz,
kaiola erdoilduak airera botatzeaz.
Gogoratu eskuak laztanez mimatzeaz,
begipeko larrosak malkoez bustitzeaz.
Ipuin politenak erdizka abandonatzeaz,
hegan dauden muxuak kutxa batean gordetzeaz.
Gogoratu gogoratzeaz.
Kearen esplorazio bidaia airezko itsaso zabaletan. Hosto berdezko hormak, olatuen pare lehertzen diren kandela argiak.
martes, 1 de mayo de 2012
ITSASOTIK GERTU. ZERUTIK GERTUAGO
Ilargi betea. Borobila. Horia.
Zeru ertzak lurrin espazialez bustitzen dira
olatuen joan etorriekin fusionatzen direlarik.
Berotasuna. Nostalgia. Malkoen eztia.
Luzifer bere presondegitik alde eginda dabilela diote
eta zure bizkar atzean dago mihia kanpoan duelarik zure azal zuria
miazkatzen.
Begirada exotikoa.
Garagardoak pitzaturiko ahotsa.
Itsasoan murgil gaitezen eskatzen didazu
zure desioetan gal nadin.
Kamiseta txuria. Haragi kolorea ozeanoen sakonean.
Larrua larruaren aurka. Lotura askeak. Probokatiboak.
Haizea hanken artetik. Kilimak.
Zigarro keak irudiak lausotzen ditu nahastu gaitezen,
galdu gaitezen.
Eta berriz aurkitu. Inoiz baino desio gehiagorekin.
Plazerra izerdiz bustitzean.
Gela isolatuetako txokoetan garrasiak. Orgasmikoak.
Baina orain dantzan egin nahi dut. Zurekin.
Gau bateko musa izatea desio zuenarekin.
HEGO BAKO TXORIAREN BALADA
Iraganeko
txori geroari lotu nahirik
hegoak
ebakiak ditu eta mokoa itxirik.
Hegoak
ebakirik ezin haizeagaz hegan egin.
Kaiola
batean sartu zaituzte bihotzean bala batekin.
Eta gauean
lokartzean ametsetan zoaz hegaka.
Itsas
ertzean pausatzen zara olatuekin biraka.
Baina
itsasoa ez dirudien bezain leiala,
bere
atzaparrek itotzen zaituzte naufrago baten gisara.
Eta goizez
esnatzean berriz kaiola barnean
malko
urtsuak ageri dira zure begi bietan.
Suscribirse a:
Entradas (Atom)